Oier de la Quintana historialariak ‘Gernikako eta Eibarko armak Txinako Gerra Zibilean’ hitzaldia eskainiko du bihar Armeria Eskolan. Gradu Amaierako Lana gai horren inguruan egin zuen eta eibartarrei azalduko die hemen sortutako armek Asiako herrialde erraldoian izan zuten garrantzia.
Txinako Gerra Zibilak bi fase izan zituen. Lehenengoa, 1927tik 1936a; eta bigarrengoa, 1945etik 1949ra, komunistek irabazi arte. Gerra Zibilik egon ez zen urte horietan, gerran zeuden Txinako Alderdi Komunista eta Txinako Alderdi Nazionalista batu egin ziren II. Mundu Gerran Japoniako Inperioari aurre egiteko.
Bitxia da Eibarko armak Txinako Gerra Zibilean erabili zituztela pentsatzea. Nolako jakin zenuen?
Amerikako Estatu Batuetan Txinako Gerra Zibilean erabili ziren pistolen inguruko liburu bat erosi nuen, eta amaieran Eibarko eta Gernikako arma batzuen inguruko aipamena egiten zen. Oso interesgarria iruditu zitzaidan. Gaiari tira egin nion, irakasle batekin berba egin nuen eta Gernika Zaharrako fundazioarekin eta bere artxiboarekin harremanetan jarri nintzen. Hortik dokumentuak jaso nituen eta Gradu Amaierako Lana egiteko horietako asko erabili nituen. Dokumentu horiek Astrari buruzkoak ziren eta horren inguruan jardungo dut batez ere bihar.
Astra aipatu duzu, baina hemengo zein arma erabili ziren Txinako Gerra Zibilean?
Lehenik, Eibar izeneko pistola eramaten saiatu ziren. Oso modelo ezaguna izan zen I. Mundu Gerran, Frantziako armadak erabili zuelarik. 1926an, Astrakoak Txinara eta Japoniara joan ziren euren demandak entzutera -Ernesto Borchers Astrako salmenta-buruak Europa osoa trenean zeharkatu zuen, eta transiberianoa hartu zuen Sobietar Batasuna gurutzatzeko eta Korea japoniarrera iristeko-.
Gerrako zein bandok erabili zituen Eibarko armak?
Biek erabili zituzten. Nahiko merkatu beltz edo grisean salerosten ziren armak.
Kopuru aldetik, Eibarko arma asko erabili zituzten?
Bai! Astra, Star eta Beistegi Hermanos enpresentzat oso garrantzitsua izan zen euren enpresei eusteko. Milaka pistola bidali zituzten, eta baita balak eta kartutxoak ere. Beraz, Txinako Gerra Zibilak garrantzia handia izan zuen Eibarko eta Gernikako ekonomian.
Fecha: 17 de marzo, lunes
Hora: 17:00-18:30
Lugar: Escuela Armeria
Duracion: 1h30