“Europarako asmo handiko planteamenduak daude, baina Europako Batzordea kontrako norabidean doa”

Berriak

2025/02/26

Ikastenek gaurkotasun handiko hitzaldia antolatu du biharko, otsailak 27, 10:00etan, Armeria Eskolan. Horretarako, Juanjo Alvarez EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna gonbidatu du, eta ‘Europa bidegurutzean gaur egungo kaos politikoaren aurrean’ izeneko hitzaldia eskainiko du.

Hitzaldiak 2 ordu iraungo du, baina ziur motz geratuko direla gaiak eskaintzen duen interes eta ezjakintasunen aurrean. “Nik ere galderak eta inkognitak ditut gai honen aurrean, eta ez dut esaten umiltasun inpostatu batekin”, aipatu digu Alvarezek.

 

Zertaz hitz egingo duzu biharko hitzaldian?

Europari dagokionez, zein norabidetan goazen galdetzea, proiektu politiko gisa non kokatzen garen eta egiten ari garena ikustea. Gai ia existentziala da. Hau da, kaos geopolitiko honetan guztian norantz jo nahi dugun jakitea. Bestalde, Europar Batasunaren barrurago begiratuz, Mario Draghik eta Enrico Lettak egin dituzten proposamenak ere apur bat xehatu nahiko nituzke, teknizismoetan sartu gabe, eta zertan ari diren lanean halako inertzia nekagarria jarrai ez dezagun, beti esaten baitugu gauzak egingo ditugula eta ez ditugu egiten. Europako gobernantza barrutik zer den ikusi eta testuinguruetan –ez soilik defentsan, baizik eta lehiakorrak izatean– bizkor jarduteko proposamenik ba ote dagoen ikusi. Orain proposamenak daude eta uste dut Europako Batzordea kontrako norabidean doala. Ursula Von Der Leyenek gobernu artekoa indartuko du, estatuen papera, modu horretan inor ez zaiolako haserretzen, eta uste dut orain egin behar denaren guztiz kontrakoa dela. Eta, azkenik, Euskaditik zer egin dezakegun planteatu nahiko nuke zentzu guztietan (sozialki, politikoki, industrian…). Nik Europaren alde egiten jarraitzen dut. Gustatzen zaigun Europa ez bada ere, ez dugu beste aukerarik.

 

Mario Draghiren eta Enrico Lettaren proposamenak aipatu dituzu. Zer proposatzen dute?

Anbizio handiko planteamenduak dira, eta uste dut horiek direla lehiakorrak izateko modu bakarra, aldi berean autarkikoak izan gabe. 27 merkatu ditugu, 27 araudi… Zergatik ez dugu benetan integratzen ‘Barne Merkatua’ deitu zitzaion hori? Zergatik ez dugu sortzen Lettak ‘28 erregimena’ deitu duena? Hau da, gure artean jo beharrean, koordinatuta jardun genezan, aurrekontuak desestatalizatu genitzan… Egin dezagun industria askoz lehiakorragoa. 480 milioi kontsumitzaile gara. Bigarren giltzarria, hau geopolitikoki gehiago, pikutara joango gara ahobatezkotasun arauarekin edo estatu bakoitzak gai erabakigarrienetan duen betoarekin jarraitzen badugu. Inposatu eta galarazi gabe europeizatu gaitezen. Zenbait sektoretan, ‘Europa bi abiaduratan’ deritzonak funtzionatzen du, eta badirudi ez dela gustuko, baina hori da jarduteko modu bakarra. Horrela, bat egin dezakete integrazio gehiago nahi duten estatu errealitateak eta nahi ez dutenek Europa barruan jarraitzen dute, baina beste maila batean. Hirugarren gakoa, honi oso lotuta dagoena, honako hau da: Zer izan nahi dugu, estatuen batuketa hutsa (gobernuartekoa) ala nazioz gaindiko errealitatea izan nahi dugu, estatua eta errealitate gehiago barne hartzen dituena? Europa barruan badira estatuak ez diren herriak. 2004an porrot egin zuen Europako Konstituzio zaharra erreskatatu behar da, eta estatuetatik haratago doan Europako arima hori berreskuratu.


DEE

DEBABARRENEKO ESPERIENTZIA ESKOLA

55 urtetik gorakoa bazara eta erretiro aurreko etapan edo erretiroan bazaude, ez egin zalantzarik eta eman izena DEEn!

Inskribatu

Hurrengoko jardunaldiak

Gogoratu: IKASTENek antolatutako jardunaldietan edozein pertsonak har dezake parte

IKASTEN eko argazki bilduma

IKASTEN en jarduren inguruko argazkiak.

Bideoa

Ikastenekin zerikusia daukaten jardueren azkenengo bideoa.