“Sobietar agintariek zinema estrategikotzat jo zuten”

Berriak

2025/03/18

Juantxo Madariaga Orbea historian doktoreak ‘Agitazio eta propagandako sobietar zinema 1917-1945’ izeneko hitzaldia eskainiko du ostegunean, 10:00etan, Armeria Eskolan. Gaiak mamia du eta Madariagak esan digunez orduak pasa zitzakeen hortaz berbetan, baina solasaldi arina eskainiko du, hainbat pelikularen inguruko informazioa eta irudiak eskainiz. Gainera, bertan azalduko dituen zuzendarien izenen eta pelikulen inguruko fitxa moduko bat prestatu du ulermena errazteko.

Hizlariak Power Point bat eta sekuentzia batzuk prestatu ditu. “Nire asmoa da berba egitea, eta argazki eta sekuentzia batzuk ipintzea (oso gutxi, bestela luze joango ginateke). Oso arina geratzen da”, azaldu digunez.

 

Gai historiko eta aktuala

Orain jubilatuta dago, baina unibertsitatean lanean zegoen garaitik landu du gaia Juantxo Madariagak. “Master batean ‘Harremana, historia eta zinema’ izeneko ikasgai bat nuen”, azaldu digu, “bertan, Alemaniako, Espainiako, Italiako eta Sobietar Batasuneko filmografia asko landu nuen”.

Historian atzera egingo du Madariagak, baina kontakizunaren kontrolaren gaia puri-purian dago gaur egun. “Donald Trumpen jarrera besterik ez dago ikusi. Tira, politiko gehienek egiten dituzte propaganda eta kontakizuna kontrolatzeko ahalegina”, bere hitzetan.

Gai horren harira, agit-prop zinema sobietarrean oinarritzea erabaki zuen. “Gauza arina izaten saiatuko naiz, ez da teorizatzeko foro bat izango”, argitzen du. Beraz, sasoi horretako testuingurua azaltzen saiatuko da. “Abangoardien (dadaismoa, surrealismoa...) eta Sobietar Batasunaren kasuan bereziki konstruktibismoaren sasoia izan zen”, diosku.

 

Zinemaren erabilera

Sasoi horretan zinema oso gauza berria zen, “baina bai Leninek, bai Trotskik, bai Stalinek zinema estrategikotzat jotzen dute gizartea hezitzeko eta ideologia marxista-leninista hedatzeko”, Madariagak dioenez. “Beraz, zinema kolektibizatu (lehen industria pribatua zen) eta estatuaren kontrolera pasatu zuten. Zinemaren inguruko ikasketak egiteko demaseko azpiegiturak sortu zituzten, baita erakusketa-aretoak ere... Orduan, belaunaldi abangoardista sortu zen, demaseko produkzioarekin”.

Stalinek kontrola hartu zuenean, ostera, aldaketa egon zela dio historialariak: “Abangoardiaren hizkuntza zinematografikoa nahiko teorikoa eta kultua zen, eta askotan jende arruntak ez zuen ulertzen. Orduan, Stalinek horrekin moztu eta errealismo sozialista sortu zen. Beste zine bat egiten hasi ziren, kalitatezkoa baita ere, baina beste modu batean. Ez zen abangoardia, baizik eta gizartearen gehiengoarentzat hurbilagoa zen zerbait, samurragoa”.

Madariaga 1917etik 1945era bitarteko sasoiaz arituko da hitzaldian: “Stalin 1953an hil arte, propaganda hutsa egiten zen, hori bai, kalitate handiarekin, pelikula batzuk oso-oso onak dira. Hortik aurrera, zinema sobietarrak ez du hain mezu zuzenik. Beti dago zerbait, azpian, baina ez hain zuzena. 60. hamarkadan, zinemagile kritikoagoak irteten hasten dira, beste kontu bat da”.


DEE

DEBABARRENEKO ESPERIENTZIA ESKOLA

55 urtetik gorakoa bazara eta erretiro aurreko etapan edo erretiroan bazaude, ez egin zalantzarik eta eman izena DEEn!

Inskribatu

Hurrengoko jardunaldiak

AMOREBIETA-ETXANO

Fecha: 2 de abril, miércoles

Hora: Tren | Estación 09:11h. - Ardantza: 09:13h.

Lugar:

Duracion: Llevar comida

Gogoratu: IKASTENek antolatutako jardunaldietan edozein pertsonak har dezake parte

IKASTEN eko argazki bilduma

IKASTEN en jarduren inguruko argazkiak.

Bideoa

Ikastenekin zerikusia daukaten jardueren azkenengo bideoa.